DONOSTIAREN EREDU PARTE-HARTZAILEARI ETA AURREKONTU PARTE-HARTZAILEEI BURUZKO KEZKAK
Kalapie, Egia Bizirik, Martutene Auzo elkartea, Morlanstarrak Auzo Elkartea eta Parte
Zaharrean Bizirik elkarteek publikoki adierazi nahi dugu partaidetzazko udal aurrekontuen eta hiriaren eredu parte-hartzailearen egungo funtzionamenduaz dugun kezka. Testu hau mezu partekatu bat izateko asmoz sortu da, ondoren jasotzen diren hausnarketekin identifikatuta sentitzen diren elkarteen atxikimendurako irekia.
Partaidetzazko aurrekontuak mekanismo bat dira zeinaren bidez udalak aurrekontuaren zati bat bideratzen duen herritarrek proposatzen dituzten proiektuetarako. Bi urtean behin udalak proposamenen fase bat irekitzen du, eta edozein norbanakok edo elkartek proposa ditzake proiektuak, beti ere udalak ezarritako baldintzen arabera. Zehazki, 2025eko azken edizioan, hauek ziren bete beharreko baldintzak:
● Proposamena udal-eskumenekoa izatea.
● Udal-politika orokorrarekin kontraesanean ez egotea eta interes orokorrekotzat jotzea.
● Proiektu bat izatea, inbertsioa eskatzen duena eta dagokion urtean egikaritu daitekeena, aurrekontuak arriskuan jarri gabe.
● Bideragarritasun-azterketa gainditzea.
● Inbertsioa izatea ezarrita dagoen gehienekoa (400.000 euro) edo txikiagoa.
● Aurreko prozesu parte-hartzaile baten emaitza ez baliogabetzea edo onartutako udal-plan baten aurka ez joatea, eta balio demokratikoen eta giza eskubideen aurka ez egitea.
● Ez dira onartuko diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak, azterlanen idazketak,
proiektuen idazketak eta espazio publikoen egiturazko estalkiak.
Elkarte askok hartu dugu parte etengabe ekimen honetan, bai proiektuak proposatuz, bai
hirian hobekuntzak sustatzeko onuragarrienak iruditzen zaizkigun proposamenak aktiboki
babestuz. Prozesu horri esker, herritarrentzat eragin positiboa izan duten hainbat jarduera
jarri ahal izan dira martxan. Hala ere, prozesu horietan hainbat aldiz parte hartu ondoren,
uste dugu indarrean dagoen ereduak gabezia eta ondorio gaizto handiak dituela, eta zuekin partekatu nahi ditugu:
1. Lehenik eta behin, ikusten dugu onartutako kontu-sailen zati handi bat
mantentze-lanak egiteko erabiltzen dela, bai bidegorriak mantentzeko, bai
hiri-azpiegituren oinarrizko beste behar batzuetarako, hala nola espaloiak
konpontzeko, argiteria publikoa konpontzeko, zoladura hobetzeko,
berdeguneak mantentzeko, paperontziak berritzeko eta hiri-altzariak
egokitzeko. Uste dugu hori ez dela egokia, funtsezko zerbitzuak mantentzea
udalaren ardura zuzena delako eta aurrekontu arrunten bidez sistematikoki heldu
beharko litzaiokeelako. Erantzukizun horiek aurrekontu parte-hartzaileetara
eramateak, prozesu horien zentzua desitxuratzeaz gain, hiri-mantentzearen
kudeaketa eskasa iraunarazten laguntzen du.
2. Nahiz eta prozesuak proiektuak onartzeko edo ukatzeko irizpide definituak
izan, praktikan erabaki asko arbitrarioak eta bidegabeak dira, interpretazio
subjektiboetan eta argudio pobreetan oinarrituta baztertzen baitira proiektuak.
Deigarria da ia 1000 proiektuetatik 123 bakarrik igaro direla bozkatzeko fasera. Eta,
gainera, baheketa-prozesuak ez du aurreikusten herritarrek alegazioak egiteko
aukerarik. Beraz, oso egoera arbitrarioak ematen dira, objekziorako aukerarik gabe.
Besteak beste, honako hau ikusi dugu:
a. Proposamen batzuk atzera bota dituzte, ustez aurrekontu-muga gainditu
dutelako, nahiz eta eskala itxirik ez izan eta ezarritako mugen barruan modu
apalagoan gauzatu ahal izan. (Adibidez, 27. poligonora bidegorria egiteko
proposamena ez da ontzat eman arrazoi horregatik, nahiz eta proposamenak
bidegorria partzialki egiteko aukera ematen duen edo material xumeagoak
erabiliz aurrekontua agortu arte)
b. Aurreko edizioetan iragazkia gainditu zuten beste batzuk baztertu egin dira
aurten, nahiz eta arau berdinei eutsi. (Adibidea: 2021. urtean U motako
aparkaleku alderantzikatuen proposamena aurrera atera zen, baina aurtengo
edizioan atzera egin da, jada Udalak ematen duen zerbitzu baten eremuari
dagokiola argudiatuz)
c. Proiektu asko atzera bota dira “azterketa sakona behar dutela” argudiatuz,
modu diskrezionalean erabilia. (Adibidea: “Blas de Otero plazako saskibaloi
saskien” proposamena). Oso zaila da ulertzea horrenbeste “analisi sakon”
egin behar izatea kantxa batzuk jartzeko, lehendik ere kantxa batzuk zeuden
lekuan, obrengatik aldi baterako kendu zirenak, eta haiek instalatzeko
espazio zabala egonda. Badirudi “analisi sakonaren” aitzakia erabiltzen ari
direla udalean gustuko ez diren proposamenak kentzeko. Horrelako
adibideak asko dira.
Bozketa fasera pasatzen ez diren proposamenen zerrenda osoa
3. Bidegorri sarearen garapena eta auzoetako oinarrizko behar asko ia modu
esklusiboan doaz aurrera partaidetzazko aurrekontuei esker. Izan ere, azken
urteetan bidegorrietan egindako hobekuntza ia guztien jatorria mekanismo hori da.
Gure ustez, bizikleta bidezko mugikortasuna eremu nahiko estrategikoa da,
iraunkortasunean, osasun publikoan eta bide-segurtasunean duen eraginagatik.
Horregatik, Udalak horren aldeko apustu irmoa eta egonkorra egin behar du
aurrekontu arrunten bidez. Konparazio gisa, Udalak urtero 1.000.000 eta 1.500.000
euro artean bideratzen ditu errepideen mantentze-lanetarako; bidegorrien kasuan,
berriz, partaidetzazko aurrekontuen bidez proposamenek aurrera egitea lortzen
dutenean soilik mantentzen dira. Logika hori ez da soilik bizikleta bidezko
mugikortasunera mugatzen; instituzioek modu estrukturalean landu beharko
lituzketen beste esparru estrategiko batzuetan ere erreproduzitzen da. Adibide gisa,
hainbat elkartek aurkeztutako proposamen ugarik oinarrizko gaiak izan dituzte
ardatz, hala nola paperontziak instalatzea, inguruko argiztapena hobetzea
(oinezkoen pasabideetan gauez segurtasuna bermatzeko) edo gutxieneko komun
publikoen zerbitzua gaitzea, oinarrizko behar horiek erakundeek aintzat hartu eta
egitura bidez bete beharko lituzketenean.
4. Beste alderdi bereziki kezkagarri bat da prozesuak ez duela aurreikusten
eztabaidarako benetazko espaziorik, ez hausnarketarako ez eta erabakiak
kolektiboki lehenesteko. Proposamenak zuzenean bozkatzen dira, oso epe
laburretan eta hedapen publiko mugatuarekin. Horrek zaildu egiten du eztabaida
informatua egitea, eta nabarmen murrizten du herritarren parte-hartze zabal eta
kontzientea.
5. Baliabideen banaketa ez dator bat ekitate-irizpideekin, proposamen bakoitzak
lortutako botoen bolumenean oinarritzen baita ia esklusiboki. Ikuspegi horrek
mesede egiten die, modu sistemikoan, biztanleria handiagoa edo mobilizatzeko
gaitasun handiagoa duten auzoei, kontuan hartu gabe oinarrizko beste faktore
batzuk, hala nola jasotako inbertsio historikoa, auzo bakoitzaren behar espezifikoak,
dauden desberdintasunak edo oinarrizko azpiegituren falta. Ondorioz, egungo
ereduak lurraldeen arteko desorekak birsortzeko joera du, zuzendu beharrean, eta
edozein politika publiko gidatu beharko luketen justizia sozialaren printzipioetatik
aldentzen da. Adibidez, biztanle gutxien dituzten auzoek, Martutenek kasu (2.700
biztanle), desabantaila nabarmena dute beren proiektuak aurrera ateratzeko orduan,
Amara bezalako auzo jendetsuagoen (30.192 biztanle) aurrean. Proposamen batek
eska ditzakeen 500 botoak lortzeko, Martutenek bizilagunen %18,5 mobilizatu behar
du, gutxi gorabehera; Amaran, berriz, nahikoa da herritarren %1,6 inplikatzea.
Kontuan hartzen bada, gainera, biztanle gehien dituzten auzoek jaso dutela inbertsio
historiko handiena, dinamika horrek, lurraldeen arteko desorekak mantendu ez ezik,
sakondu ere egiten ditu.
6. Prozesuaren egungo funtzionamenduak, elkarteak eta auzoak beren artean
baliabide mugatuen alde lehiatzera bultzatzen ditu, desiragarriena litzatekeelarik
udalak hiriko kolektiboen arteko lankidetza eta elkarlana bultzatzea.
7. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi onartutako proiektu askok atzerapen nabarmenak
izaten dituztela egiteko orduan, eta, gainera, urte batzuk itxaron behar izaten direla
haiek gauzatzeko.
Gogoeta horietako askorekin bat egiten dute hiriko elkarte eta kolektibo ugarik, eta
horietako batzuek erabaki dute prozesu horretan aktiboki ez parte hartzea, hain zuzen
ere egungo ereduarekin ez daudelako ados.
Arrazoi horiengatik, idatzi honi atxikitako elkarteetatik zera eskatzen dugu:
1. Lehenik eta behin, aurrekontu parte-hartzaileak ez daitezela izan saski-naski bat
zeinetan udalak berezko ardurak delegatzen dituen, hala nola oinarrizko
zerbitzuak mantentzea edo bizikletan mugitzeko sarearen egiturazko garapena.
Partaidetzazko aurrekontuak hiriari balio erantsia emango dioten proiektu puntualak bultzatzeko erabili beharko lirateke; oinarrizko beharrei, berriz, beste mekanismo batzuen bidez eta udal-plangintza egonkor baten bidez erantzun behar zaie.
2. Bigarrenik, egungo parte-hartze eredua birpentsatzea ezinbestekotzat jotzen
dugu. Herritarren parte-hartzea ezin da mugatu boto puntual bat ematera;
hiriaren eraikuntza kolektiborako prozesu erreal baterantz eboluzionatu behar du.
Ildo horretan, beste udalerri batzuetako esperientzietan inspiratzera eta parte-hartze
eredu eraginkorragoetan eta kalitate handiagokoetan sakontzen duten azterketa eta
analisietan oinarritzera gonbidatzen dugu udala.